ASKATU BELDURRETIK GEURE ELKARTEAK
Kristau-iturriek jendea beldurretik askatzen aurkeztu digute Jesus. Atsekabetu egiten zuen jendea Erromaren boterepean izuturik ikusteak, legearen maisuen mehatxuez beldurturik, Jainkoagandik urrundurik beronen haserrearen beldurrez, legearekiko leialtasun eskasa leporatzen ziotelarik. Jainkoaz betea zuen bihotzetik desio bat bakarrik irten zekiokeen: «Ez beldur izan». Jesusen hitzak dira, behin eta berriz errepikatuak ebanjelioetan. Gehiago errepikatu beharko liratekeenak gaur egun ere beraren Elizan.
Beldurra nagusitzen da gutaz, gure bihotzean mesfidantza, segurtasun-eza eta barneko askatasun-falta hazten direnean. Beldur hau da gizakiaren problema nagusia. Beronetatik liberatzeko, geure bizitza Jainkoagan sustraitu besterik ez daukagu, gure ona bakarrik nahi baitu.
Horrela ikusten zuen Jesusek. Horregatik eman zion, beste ezer baino lehen, jendearen bihotzean konfiantza esnatzeari. Jesusen fede sakon eta xume hura kutsagarria zen: Jainkoak landako txolarreak, Galileako txori txikienak, horretarainoko txeraz zaintzen baditu, nolatan ez zaituzte zainduko zuek? Jainkoarentzat zeruko txori guztiak baino garrantzizkoago eta maiteago zarete. Lehen belaunaldiko kristau batek ondo jaso zuen mezua: «Ipini Jainkoagan zeuen itobehar guztia, berari zuen ona baitzaio axola».
Hona zein indartsu hitz egiten zion Jesusek gaixo bakoitzari: «Izan ezazu fedea. Jainkoa ez da ahaztu zutaz». Hona nolako pozez agur egiten zien sendaturik ikusten zituenean: «Zoaz bakean. Bizi zaitez ondo». Horixe zuen bere desio handia. Jendea bakean bizi zedila, beldurrik gabe, larritasunik gabe: «Ez ezazue elkar juzkatu, ez ezazua elkar gaitzetsi, ez iezaiozue elkarri kalterik egin. Bizi zaitezte adiskidetsu».
Asko dira jendeari sufriarazten dioten beldurrak, ezkutuan. Kalte egiten du beldurrak, kalte handia. Beldurra handitzen den lekuan, Jainkoa galdu egiten da begi-bistatik eta ito egiten da pertsonaren bihotzean berez egon ohi den onberatasuna. Itzali egiten da bizia, galdu egiten da poza.
Jesusen jarraitzaileen elkarte batek, beste gauza asko baino lehen, jendeak bere beldurra galduko duen leku izan behar du, Jainkoagan konfiantza jarriz biziko den leku. Elkarte bat, bake kutsagarria biziko duena, adiskidetasun min-mina biziko duena, gaur Jesusen deia entzuteko aukera emango duen leku: «Ez beldur izan».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







