JAKINTSU ETA SENDATZAILE
Ez zuen kultura-ahalmenik, lege-maisuek bezala. Ez zen intelektual eskolatua. Ez zuen ahalmen sakraturik ere, tenpluko apaizek bezala. Ez zen familia ohoragarri bateko kide, ez zen Seforis eta Tiberiades hirietako elite hiritar ere. Jesus eraikuntzako langile zen, Galilea Behereko herrixka ezezagun batean.
Ez zuen ikasi inongo eskola rabinotar batean. Ez zen legea azaltzera emana. Ez zuen doktrina-eztabaiden kezkarik. Ez zen arduratu sekula Tenpluko errituez. Bizitza ulertzen eta bizitza beste era batean bizitzen irakasten zuen maisutzat zeukan jendeak.
Markosen arabera, Jesus Nazaretera iritsi denean, ikasleak lagun dituela, herritarrak harriturik gelditu dira, bi gauzarengatik: beraren bihotzeko jakinduriagatik eta sendatzeko eskuetan duen ahalmenagatik. Hori zen jendea gehienik erakartzen zuena. Jesus ez da pentsalari bat, doktrina bat azaltzen duena, baizik eta Jainkoaz duen bere esperientzia komunikatzen eta maitasunaren zeinupean bizitzera eragiten duena. Ez da jauntxo-lider bat, bere ahalmena ezartzen duena, baizik eta sendatzaile bat, bizitza sendatu eta sufrimena arintzen duena.
Halaz guztiz, Nazareteko jendeak ez dio egin harrera onik. Indargabetu egin nahi izan dute beraren presentzia mila eratako galderaz, errezeloz eta susmoz. Ez dute onartu beraren irakaspena, eta ez diote bide eman beraren indar sendatzaileari ere. Ez du lortu Jesusek jende hura Jainkoagana hurbiltzea, ezta guztiak sendatzea ere, nahi izango zuen bezala
Jesus ezin ulertu du inork kanpotik. Berarekin harremanetan hasi behar izaten da. Eta berari utzi beharra irakats diezazkigun gauza erabakitzaileak, hala nola, bizipoza, errukia edota mundu zuzenago bat kreatu nahia. Utzi beharra lagundu diezagun Jainkoaren presentzia adiskidetsu eta hurbilean bizitzen. Norbait, Jesusengana hurbiltzen denean, ez da sentituko beraren doktrinak erakarria, baizik eta beste era batean bizitzera gonbidatua
Bestetik, Jesusen indar salbatzailea esperimentatzeko, beharrezkoa dugu senda gaitzan uztea: barne askatasuna pixkana berreskuratzen, zurruntzen gaituzten beldurretatik liberatzen, eskastasunetik irteten ausart gaitezen lagundu diezagun uztea, alegia. Jesusek gaur egun ere «eskuak ezartzen» jarraitzen du. Beragan sinesten dutenak bakarrik sendatzen dira.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain