BALIABIDE POBREEKIN
Egintza ebanjelizatzailea sarritan hartzen dugu doktrina-era gehiegi markatuz. Ebanjelioa eramatea Jesusen dotrina ezagutaraztea izango litzateke: artean ezagutzen ez dutenei edota era eskasegian ezagutzen dutenei.
Gauzak horrela hartzen baditugu, bistakoak izango dira ondorioak. Beste ezer baino lehen «botere-baliabideak beharko ditugu, beste ideologien, moden eta irizpide-korronteen aurrean, gure mezuaren zabalkundea ahalbidetzeko.
Gainera, kristau ondo formatuak beharko dira, doktrina ondo ezagutzen dutenak eta era sarkor eta konbentzigarrian eskualdatzeko gai izango direnak. Beharrezkoak izango ditugu orobat egitura, teknika eta pedagogia egokiak kristau-mezua zabaltzeko.
Azken batean, garrantzizkoa izango da pertsona prestatuen kopurua; baliabide egokienekin, pertsona-kopuru handiena konbentzitzera iritsi ahalko dena. Oso arrazoizkoa da hau guztia, eta balore handiak ditu bere baitan. Baina, Jesusen jardueran eta beraren ekintza ebanjelizatzailean pixka bat sakontzen denean, aski aldatzen dira gauzak.
Ebanjelioa ez da soilik eta batez ere doktrina bat. Ebanjelioa Jesus bera da: berarekin hasi zen esperientzia gizatiartzaile, salbatzaile, askatzailea. Horregatik, ebanjelizatzea ez da soilik doktrina bat zabaltzea, baizik eta gizartearen bihotzean bertan eta bizitzan presente bihurtzea Jesu Kristo beraren indar salbatzailea. Eta hau ezin egin da nolanahi.
Esperientzia askatzaile hori presente egiteko, baliabiderik hobenak ez dira boterearenak, baizik eta baliabide pobreak, Jesusek berak erabili zituenak: jende zokoratuenari maitasun solidarioa, pertsona bakoitzari harrera ona, Jainkoaren barkazioa eskaintzea, anai-arreba arteko elkartea sortzea, azkenak direnen defentsa…
Beraz, inporta duena lekuko edo testiguak izatea da: beren bizitzan, Jesusengan beragan, era erantzulean onartua denean, ageri ohi den indar gizatiartzailea agertzen eta testigatzen duten lekukoak. Doktrinaz formazio ona izatea garrantzizkoa da, baina soilik ebanjelio-biziera sakonago bat elikatzen duenean.
Testigantzak du erabateko lehentasuna. Egiturak, hain justu, Jesusen jarraitzaileen bizitzaren eta testigantzaren sostengu diren heinean dira beharrezko. Horregatik, inportanteena ez da kopurua ere, baizik eta elkarte batek irradia dezakeen ebanjelio-bizieraren kalitatea.
Agian, arreta gehiago eskaini beharko genieke Jesusek bere bidaliei esandako hitzei: «Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik». Eraman zeuekin nire Espiritua.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






