«GURE AITA»
«Gure Aitaz» esana dago dena. Otoitz bikainetan bikaina da. Jesusek eman digun erregalurik onena. Jainkoari egiteko deirik bikainena. Eta, halaz guztiz, kristauek behin eta berriz errepikaturik, ohikeriazko errezo bihur daiteke, mekanikoki errepikatzen diren hitz bihur daitezke, bihotza Jainkoagana jaso gabe.
Horregatik, on da noizbehinka geldialdi bat egitea, Jesusen bizitza guztia biltzen duen aipatu otoitz hau hausnartzeko. Laster jabetuko gara ezen Jesusen Espirituarekin bizi bagara bakarrik bihurtuko dugula otoitz.
«Gure Aita». Giza bihotzak jariatzen duen lehen oihua da, Jainkoarekiko beldurrez ez, baizik eta beraren maitasun kreatzailean konfiantza osoa duela bizi denean. Oihua, pluralean egina, guztien Aita denari. Deia, haurridetasun unibertsalean sustraitzen gaituena eta gainerako guztien aurrean erantzule egiten gaituena.
«Santu izan bedi zure Izena». Lehen eskari hau ez da bat gehiago. Jesusen otoitz guzti honen arima da, beraren amets gorenena. Jainkoaren «izena», hau da, beraren misterio atzeman ezina, beraren maitasuna eta beraren indar salbatzailea ager daitezela bere aintza betean, beraren ahaltasun betean. Eta hau esanik, ez da jarrera pasibo bat, baizik eta Jesusen amets eta asmo horretan geure bizitza propioaz lankide izateko konpromisotik egina.
«Etor bedi zure erreinua». Ez daitezela errege izan munduan indarkeria eta gorroto suntsitzailea. Izan daitezela errege Jainkoa eta beronen erreinua. Ez daitezela errege izan Lehen Mundua Hirugarrenaren gain, europarrak afrikarren gain, boteretsuak ahulen gain. Ez dadila nagusi izan gizonezkoa emakumearen gain, ezta aberatsa ere pobrearen gain. Nagusitu dadila egia munduaz. Ireki diezaiegula bidea bakeari, barkazioari eta benetako liberazioari.
«Egin bedi zure nahia». Ez dezala topo egin guregan horrenbeste oztopo eta horrenbeste kontrakotasunekin. Gizadi osoak obeditu diezaiola Jainkoaren deiari: bizitzaren hondo-hondotik gonbidatzen baitu gizakia bere egiazko salbaziora. Nire bizitza izan dadila gaur bertan Jainkoaren gogoaren bilatzaile.
«Emaguzu gaur egun honetako ogia». Ogia eta era duinean bizitzeko behar duguna, ez guk bakarrik, baizik eta Lurreko gizon-emakume guztiek behar dutena. Eta gera bedi esana, ez egoismo metatzaile batetik edota kontsumismo axolagabe batetik, baizik eta premian direnekin geurea duguna partekatzeko gogo handiago batetik.
«Barka iezaguzu». Jainkoaren barkazio-beharra du munduak. Gizakiok bizi, barkazio eskatuz eta barkatuz bakarrik bizi gintezke. Barkazio-jarrera irekiz, mendekuari uko egiten diona Jainkoaren antzekoa da, Jainko on eta barkatzailearen antzekoa.
«Ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen». Ez gara ari eguneroko tentazio txikiez, baizik eta Jainkoa bertan behera uzteko tentazio handiaz, Jesusen Ebanjelioaz ahaztu eta oker bat hartzeaz. Laguntza eske egindako oihu honek bizirik jarraitzen du gure bizitzan. Jainkoa gurekin dago gaitz ororen aurka.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain







