EZ SARTU LURPEAN BIZIA
Talentuen parabola ezagunenetakoa da seguru. Bidaiari ekin aurretik, jaun batek hiru langileren esku utzi ditu bere ondasunak. Lehenengo biak berehala hasi dira lanean. Jauna itzuli denean, emaitzak aurkeztu dizkiote jaunari: biek bikoiztu egin dituzte hartutako talentuak. Eskuzabal saritu die jaunak beren ahalegina, jakin baitute erantzuten berak espero zuenari.
Hirugarren langilearen jokabidea bitxia da. Buruak eman dion gauza bakarra, hartu duen talentua lurpean gordetzea izan da eta seguru gordetzea azkena arte. Jauna iritsi denean, itzuli dio hartutakoa, uste izanik haren desirari leial erantzun diola: «Hor duzu zeurea». Jaunak gaitzetsi egin du. Langile hau zabarra da eta alferra; ez du ulertu ezer ere. Bere segurtasuna izan du gogoan, soil-soilik.
Argia da Jesusen mezua. Ez kontserbadurismoari, bai sormenari. Ez bizitza antzu bati, bai Jainkoari eraginkor erantzuteari. Ez segurtasun-obsesioari, bai mundua aldatzeko ahalegin arriskutsuari. Ez konformismoan gordetako fedeari, bai Jesusi jarraitze konprometituari.
Oso tentagarria da beti problemak saihestuz eta patxada bilatuz bizitzea: ez konprometitzea bizitza korapila diezagukeen ezertan, geure ongizate txikia defendatzea. Ez dago bizitza antzu, txiki eta horizonterik gabe bizitzeko era hoberik.
Gauza bera gertatzen da kristau-bizitzan. Gure arriskurik handiena ez da betiko eskematatik irten eta gehiegizko berritasunetan erortzea, baizik eta geure fedea izoztu eta ebanjelioaren freskotasuna epeltzea. Geure buruari galdetu beharko genioke zer ari garen ereiten gizartean, nori diegun kutsatzen esperantza, non arintzen dugun sufrimendua.
Errorea izango litzateke Jainkoaren aurrean hirugarren langilearen jarrerarekin aurkeztea: «Hona zurea. Hona zure ebanjelioa, zure erreinuaren egitasmoa, zure maitasun-mezua sufritzen ari direnei. Leial asko gorde dugu. Ez digu balio izan geure bizitza eraldatzeko, ezta zure erreinua munduan txertatzeko ere. Ez dugu arriskurik hartu nahi izan. Baina hemen duzu zeurea oso-osorik».
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain