MORAL BAT BEKATURIK GABE?
Sarritan esan ohi da galdu egin dela bekatuaren kontzientzia. Ez da guztiz egia. Gertatzen da, fedearen krisiak berekin ekarri duela norberaren erruduntasuna beste era batean ikustea, ez beti era osasungarrian, Izatez, Jainkoa aldera batera uztean, ez jende gutxik era lausoan eta bakartian bizi du errua.
Batzuk kristaldurik gelditu dira bekatua bizitzeko erarik primitiboenean eta arkaikoenean. Beren gaiztakeriak «zikindurik» sentitzen dira. Beren pertsona maiteenenen ondoan bizitzeko duin ez direla. Ez dute ezagutzen Jainko barkatzailearen esperientziarik, eta ez dute aurkitu beste biderik ere beren barne ondoezetik liberatzeko.
Beste batzuek bekatua «haustura» bezala hartuz jarraitzen dute bizitzen. Egia da baztertu dituztela beren kontzientziatik «agindu» batzuk, baina beren barruan galdu ez dutena Jainko legegilearen irudia da, zeinen aurrean ez baitakite nola kokatu. Errua hausturatzat hartu dute, eta ez zaie erraz gertatzen hura bizikidetzat hartzea.
Aski jendek «auto edo buruakusazio» bezala bizi du bekatua. Jainkoarekiko beren fedea saretu zaienean, errua «akusatzailerik gabeko akusazio» (Paul Ricoeur) gertatu zaie. Ez dute inork gaitzetsi ditzan beharrik. Berek gaitzesten dute beren burua. Baina nola liberatu burugaitzespen honetatik?, aski al da iraganaz ahaztea eta norberaren erantzukizuna desegiten saiatzea?
Nahi izan da ere bekatua «bizipen hustzat» hartu. Pertsonaren blokeotzat. Bekataria «pertsona gaixo antzeko» bat izango litzateke, bere ahuldadearen biktima. «Bekaturik gabeko moral» batez ere hitz egin izan da. Baina posible al da bizitza morala bizitzea erruduntasuna bizipen egin gabe?
Fededunarentzat, bekatua errealitate bat da. Alferrik da ezkutatzen ibiltzea. Bere askatasuna oso baldintzatua duela jakin arren, bere bizitzaren erantzukizundun sentitzen da norberaren eta Jainkoaren aurrean. Horregatik aitortzen du bekatua eta aitortzen du «Jainkoaren aurkako iraintzat». Baina gizakiaren zoriona bakarrik bilatzen duen Jainko baten aurka. Ez dugu ahaztu behar sekula bekatuak Jainkoa iraintzen duela, geure buruari, Jainkoak mugagabeki maite gaituenoi, kalte egiten digunaren aldetik.
Jesusen presentziak hunkiturik, bere bekatua aitortuz erreakzionatu du Pedrok: «Alde nigandik, Jauna, bekatari naiz eta». Baina Jesusek ez du alde egin, baizik eta zeregin berri bat gomendatu dio: «Ez beldur izan; hemendik aurrera giza arrantzale izango zara». Bekatua aitortu eta barkazioa eskatzea, bere burua eraberritzeko eta pertsona bezala hazteko era du fededunak.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






