EMATEN IKASI
Batzuetan ez da izaten gauza erraza galderarik soilenei erantzutea. Sarritan entzun izan dugu maitatzea ematea dela. Baina, zer da ematea? Askok uste du ematea norbera zerbait gabe gelditzea dela, zerbaiti uko egitea, «sakrifizio bat egitea» zerbait gabe geldituz. Hain baldintzaturik gauzka ongizatearen gure gizarteak, hain emanik gauzka edukitzeari, metatzeari eta irabazteari, non «ematea» ez-emankor, ez-ekoizle dela iruditzen baitzaigu. Ezin onartu dugun pobretzea dela iruditzen zaigu. Gure gizartean, ordainik hartu gabe ematen duena ez da pertsona praktikoa, ez da pertsona errealista, adimen eskasekoa da.
Alabaina, ematea beste gauza bat da. Oso desberdina. Ematearen keinua bizitasunaren, aberastasunaren eta ahalmen kreatzailearen adierazpenik aberatsena da. Zerbait benetan ematen dugunean, geure burua biziaz betea sentitzen dugu, gainez egin duena, beste batzuk aberasteko modukoa, nahiz eta maila apalenean izan. «Maitasunak bakarrik egiten du biziak bizitzea merezi izatea. Soilik, gainerakoei eskainitako laguntzak sortzen du bizitzearen poz handia» (Karl Tillmann).
Emateak bizi zarela eta aberats zarela esan nahi du. Eskura gauza asko ukan eta emateko gai ez dena, ez da aberatsa. Gizaki txikia da, ahal gabea, pobretua, asko eta askoren jabe bada ere. Benetan, besteei bere buruaren zerbait ematen diona bakarrik da aberatsa.
Denok dugu arreta eta sakontasun handiagoaz entzun beharra Jesusen hitzak. Ez da geldituko saririk gabe, ezta egarri den behartsu bati baso bat ur fresko soilik ematen diona ere. Gugan bizirik dena ematen ikasi behar dugu, gainerakoei on egiten ahal diena: eman geure alaitasuna, ulermena, arnasa, esperantza, harrera edo hurbiltasuna.
Askotan, kontua ez da gauza handiak edo miresgarriak ematea. Soil-soilik, «baso bat ur fresko»: irribarre onargarri bat, presarik gabeko entzutea, bihotz eroria goratzen laguntzea, solidaritate-keinu bat, bisita bat, sostengu eta adiskidetasun-seinale bat. Ez dezagun ahaztu. Bizitzaren hondoan bada norbait, bedeinkatzen duena, edozein maitasun-keinu, txikiena izanik ere, onartzen eta saritzen duena. Jainkoa du izena, gure Aita.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain






